Gipuzkoa irudikatuz
#Gi2030 Galderak eta proposamenak bilatzen ditugu
Zergatik da horren zaila etorkizuna irudikatzea?
Proiektu honetan zehar Gipuzkoako etorkizuna irudikatzera gonbidatzen zaitugu, eta, aldi berean, badakigu zein zaila den horrelako ariketa eskatzea. Gauden egoeran, burua 2030era eraman eta ikuspegi elkarbanatuak sortzea ez da ariketa xumea, erronka handia baizik.
Erronka da, alor desberdinetan (soziala, teknologikoa, geopolitikoa), aldi berean eta modu azeleratuan eraldaketa sakonak ari direlako gertatzen. Nola pentsatu etorkizuna ziurtasunez eta modu argian hain konplexua den testuinguru batean?
Aldi berean, horrelako aldaketak etsipenera, ziurgabetasunera eta pesimismora garamatzan dimentsio askotariko krisi testuinguru batean ari dira gertatzen. Nola ekidin etorkizunari buruzko ikuspegi fatalistak optimismo inozoan jausi gabe?
Unetik haratago pentsatzea uzten ez digun berehalakotasunaren kulturan gaude murgilduta. Nola pentsatu etorkizunean orainak bakarrik inporta badigu?
Korrikan ibiltzera behartzen gaituen bizitza eredu frenetiko batean bizi gara, eta badakigu abiadura ez dela pentsamendu kritikoaren eta imajinazioaren lagun. Ingurua hautematea, ingurua entzutea eta inguruarekin harremantzea zaila da bizkor gabiltzanean. Nola pentsatu astiro, azkar bagoaz?
Marina Garcesen hitzetan, “etorkizuna galdu dugu, baina ezin dugu denbora galtzen jarraitu”. Tailer hauekin urrats bat eman nahi dugu: galdu dugun ustezko etorkizun honetatik, edo existitzen ez den etorkizunetik, eraiki behar dugun etorkizunerako urratsa, alegia. Baina etorkizuna egiteko, lehenik eta behin etorkizuna imajinatu behar dugu: edozein eraldaketa proiektuk ortzi-muga behar du. Saio hauetan jomuga hauek eraikitzeko lehen piezak jarri nahi ditugu, abiadura moteldu eta denbora hartu, modu kolektiboan, kritikoan eta lurreratuan gure buruari galderak egiteko eta pentsatzeko zein etorkizunen bila gauden, bai guretzako baita gure inguruarentzako ere.
Salatu arazo bat
Eduki hau desegokia da?
1 iruzkin
Kaixo! Nere iritziz, etorkizuna imaginatzea oso zaia da oraingo bizimoduan, oso inestablea ikusten degulako guztia. Gure ingurua, gizarteko egoera, ekonomia, lana... ez dakigu non egongo garen hemendik astebetera; nola imaginatuko dugu nola egongo garen 2030 urtean? Hala ere, esan beharra dago 2030 hementxe degula jada, urte pilla bat falta direla ematen badu ere, 6 urte eskas bakarrik falta zaizkigu. Beraz, gauzak asko aldatu beharko dira gizarte moduan hobetu nahi badugu eta etorkizun oparo eta polit bat irudikatu nahi badugu. Guztion lana dela ahaztu gabe, batu gaitezen eta saia gaitezen guri laga ziguten baino etorkizun hobeagoa eraikitzen gure ondorengoentzako.
Egin hemen zure iruzkina
Hasi saioa zure kontuarekin o erregistratu zure iruzkina txertatzeko.
Iruzkinak kargatzen...