Gipuzkoa irudikatuz
#Gi2030 Galderak eta proposamenak bilatzen ditugu
Pentsamendu sortzaileak ez dauka mugarik! Pertsonak: bizikidetza, migrazioak eta talentuaren inguruan galderak sukaldatzen
Oraindik ere buruan ditugu Pertsonak: bizikidetza, migrazioak eta talentua tailerraren bigarren saioak utzitako galderak. Zelako arrakasta! Sormenaren, pentsamendu kritikoaren eta elkarlanaren arteko nahasketak magia egin du, prozesuaren hurrengo faseak gidatuko dituzten galderak lortzeko.
UPV/EHUko 20 ikasle inguru, nazioarteko beste unibertsitate batzuetako ikasleak barne, eta ikertzaile-taldea, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean bildu gara tailerraren lehen saioan hasitako lanari jarraipena emateko. Bertan, parte-hartzaileek bizikidetzari, migrazioei eta talentuari dagokienez, Gipuzkoaren etorkizuneko ikuspegia eraikitzeko kontuan hartu beharreko lan-ardatzei buruz eztabaidatu zuten. Topaketa honetatik atera ziren gaien multzotik, bigarren saio honek lau esku-hartze eremu espezifikotan oinarritu du bere lana: lankidetza publiko-pribatua, migrazioak, enplegagarritasuna eta giro morala eta soziala. Oraingoan helburua hausnarketak galdera bihurtzea izan da.
GI2030 proiektuaren aurkezpenaren ondoren, topaketari hasiera emateko LAIAN-en laburpen bat ikusi dugu: Etorkizuna Eraikiz-en dokumentala, proiektu honen baitan proposatutako herrigintzarako lankidetza ereduari buruzkoa. Hain zuzen ere, 2022ko irailean Gipuzkoan bisitan egon zen Adil Najam Bostongo Unibertsitateko irakaslearekin egindako elkarrizketa izan dugu abiapuntu. Najamek segurtasuna segurtasun-gabeziaren ikuspegitik pentsatzeko gonbita egiten du solasaldi honetan: beraren aburuz, segurtasuna izan beharko litzateke segurtasun-gabeziaren falta, alegia, ez itxarotea zerbait txarra gertatuko denik. Eta politika, gauza txarrak gerta ez daitezen elkarren arteko konfiantzan oinarritutako tresna. Berarekin hainbat kontzeptu jarri ditugu komunean, hala nola mesfidantza, segurtasunik eza eta ziurgabetasuna, baina baita aukera eta aldaketa ere.
Egia esan, aurreko hau gerora galderak biltzen lagundu digun dinamikarena motorren beroketa bat izan da: Word Kafea. Ikasleak lau mahaitatik txandakatu dira, eta bakoitzak bere aldetik aztertu ditu lankidetza publiko-pribatua, migrazioak, enplegagarritasuna eta giro morala eta soziala. Ardatz hauen inguruko eztabaidak ariketaren bukaerarako 25 galdera sukaldatu ditu. Galderak kuxkuxeatu nahi badituzu eta erreakzionatu, hemen dituzu guztiak.
Pentsamendu sortzaileak ez du mugarik, eta hala erakusten du emaitzak. Zergatik dira batzuk bidaiariak eta beste batzuk migranteak? Zer irakats diezaioket nik amonari, eta zer irakats diezadake berak niri? Horrelako galdera gehiago gehituko ditugu gure saskira, proiektuaren hurrengo faseetan erantzuteko.
Horrekin, Pertsonen eremuari eskainitako tailerren blokea itxiko dugu. Baina oraindik ere Zientzia eta Ongizatea ditugu jorratzeke. Apuntatuko?
Onarpenen zerrenda
Salatu arazo bat
Eduki hau desegokia da?
0 iruzkin
Egin hemen zure iruzkina
Hasi saioa zure kontuarekin o erregistratu zure iruzkina txertatzeko.
Iruzkinak kargatzen...