Gipuzkoa irudikatuz
#Gi2030 Galderak eta proposamenak bilatzen ditugu
Kultura eta artea, norbanakoaren eta gizarte eraldaketarako: Gi2030 Festibala Itziarren
Itziarko Ostatuan, auzo udalaren laguntzarekin, larunbatean, hilak 8, Itziarko bizilagunekin hiru ordu eman genituen gure jaialdiaren bigarren jardunaldian. Berriro esperimentatu genuen partaidetzazko kultura formatu batekin, ikerketara eta eraldaketara bideratua, kontsumora bideratu beharrean. Hausnarketaren analisia eta behaketa parte-hartzailearen emaitzak geroko sarrera baterako utzita, honetan eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin izan ziren pertsona guztiei.
Jardunaldia Gipuzkoa irudikatuz 2030 proiektuaren barruan aurkeztu ondoren, Verena Hammesek eraldaketa sozial eta pertsonalerako formula bat aurkeztu zuen:
Aldaketa = Ikuspegia * Asegabetasuna + Lehen urratsak > Erresistentzia
Eta Earth4All ekimenaren eta Barne Garapeneko Helburuen ikuspegiari erreferentzia eginez azaldu zuen, asegabetasuna kudeatzeko, lehen urratsak emateko eta aldaketak oztopatzen dituzten sinesmenak desegiteko landu behar ditugun gaitasunen adibideak emanez.
Galdera-dinamikaren ondoren (deskribapena eta emaitzak hemen), eta askariarekin indarrak berreskuratuta, Mari Luz Esteban antropologo eta idazleak bere azken liburuko, Haragizko erreformak, hainbat gai eta poema partekatu zituen. Gizarte-aldaketek “etorkizunari so” egitea, “espazio berri bat” eta “sentikortasun desberdin bat” (115-6. orr.) eskatzen dituzte, baina baita memoria eta nahia ere. Hauxe izan zen irakurri zigun azken testua:
DESIRA
esango dut
euskaldun
medeatu
zaharberritu
erreformatu bat
irudikatzea
komeni zaigula
gorputza mailaturik du
begiak gorriturik
aldartea nekaturik
ebakiak zabalik
baina abesti bat hasi da
kantatzen ahapetik
dutxatu berri
igandeko arropak jantzirik
Azkenik, Maialen Akizuk eta Uxue Pascualek sintesi-laburpena egin zuten, dantza, musika, bertsoak eta publikoaren parte-hartzea uztartuz. Hauxe da, gutxi gorabehera, Maialenek Uxuerekin interakzioan inprobisatu zuen hamarreko handi batek dioena, arratsaldean sortu ziren gai batzuk aipatuz:
Iragana ta etorkizuna
hala ba zan ta ez ba zan
galderak eske barna igeri
eta lokatzetan dantzan
kruasanak daude gure ortuetan
belar txarrak gobernantzan
aritu gara azaldu nahian
irudimenak zer datzan
bere barruan jarri gaitezen
ta ea nora garamatzan.
Salatu arazo bat
Eduki hau desegokia da?
0 iruzkin
Egin hemen zure iruzkina
Hasi saioa zure kontuarekin o erregistratu zure iruzkina txertatzeko.
Iruzkinak kargatzen...