Gipuzkoa irudikatuz
#Gi2030 Galderak eta proposamenak bilatzen ditugu
E5: euskal pentsamenduaren 5 ezaugarri (Joxe Azurmendiren ideia batzuk abiapuntu)
Ziurgabetasun garaian, unibertsitateari pentsamendua eskatzen zaio (ezagutza + hausnarketa), baita ekintza ere. Nola konbinatu? Gure proiektuak Joxe Azurmendiren obran inspiratutako ezaugarri batzuk erakutsi nahi ditu. Joxek asko irakatsi digu, eta belaunaldien artean transmititu nahi dugu haren ondarea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Joxe Azurmendi Katedra proiektuarekin elkarlanean, 5E ikuspegia edo markoa sortu dugu. Izan ere, hauek dira gure jardueran praktikatu nahi ditugun pentsamenduaren ezaugarriak: Erlazionala, Esperimentala, Eraldatzailea, Entzutean oinarritua, eta Eleanitza.
Erlazionala
Modan dagoen izaera erlazionalari āur-jauziaren sistemaā deitzen zion Joxek: beste lagunekiko harremanean, antagonistak izan daitezkeen eta akademikoak ez diren formen bidez pentsamendua egitea. Saiakerak idazteko bere arrazoia honako itxaropen hau zen:
āHau da, norbaitek irakurriko nau eta haren burua martxan jarriko da. Ez dut esan nahi nik irakatsi diodala, ez. Norbaitekin hizketan ari garenean, edo norbaiten kontra idazten ari garenean, edo erreferentzia pertsonal bat daukagunean, kasik beti gure ideiak etortzen dira. Alegia, nire ideiak ez dira nireak. Ez dira propietate bat. Baina nire ideiak norbaitek irakurtzen ditu, eta bere ideiak martxan jartzen dira. Horrek ez du beste saiakera bat idatziko, baizik nobela bat idatziko du. Orduan, ideia hauek ur-jauzi modura iritsi egiten dira iritsi behar duten tokira.ā
Arrazoi hori, haren zergatia, topa daiteke ere gure proiektuan, zeinaren helburua baita partekatzen ditugun ikuspegiak aurkitzea (edota berreraikitzea), baina ez aldez aurreko ideia batetik abiatuta, baizik eta bidean, esperientzia esanguratsuetan. Nola? Etorkizunari buruz egiten ditugun galderak eta proposamenak kontrastatuz eta bistaratuz. Parte hartzeko, esperientziak zentzua izan behar du. Eta zer da esperientzia baten zentzua? Joxeren hitzetan, zentzua iraganarekin zein etorkizunarekin lotuta dago:
āZentzuan itxuratzen da zerbaiten aurpegia, mamitzen da haren esanahia, barnagoko errealitatea; zentzuak, baina, gauza edo gertakari hori gainezkatu ere egiten du (transzenditu): horren inguruko sarea edo markua da nolabait, unibertsoarekin ebaki/bereizi eta lotu egiten duena aldi berean, kokatu, h. d., errealitatea osotasunean integratu bezala egiten duena, errealitatea egin ere berak egiten duena. Zentzua erlazioen kategoriaren determinazio bat dela esan liteke (eta unibertsoan dena da erlazioa): ez da zeinu bat, baina beti gauza edo gertakariaren agerpena bera baino barnago, eta aldi berean kanporago, harago, igortzen, zeinugiten, irekitzen du. Hala, orainaldiaren (edo oraingo egintzaren, aktibitatearen) zentzua ez zaizu orainaldi horretantxe bertan agertuko; iraganera edo etorkizunera, edo bietara, igortzen du: iragan bat salatuz, etorkizun bat iragarriz.ā
Esperimentala
Gure proiektuan, zentzua eta ikuspegi partekatuetarako bide hori esperientzia presentzialen eta digitalen bidez egiten da. Zer-nolako lehengai edo elementurekin eraikitzen da? Esperimentazioaren bidez, Joxeren formula bikain honek gogorarazten digun moduan:
ānortasun berri bat eraikitzea geroari buruz, gure egoera eta izaera sozialari āhistoriak jarauntsi digun nahaspila sozial, linguistiko, politiko guztiazā soluzio original bat asmatuz [ā¦]. Iraganaren erlikiak gordetzeko agian aski baitira egungo erakundeak, franko erlikiak berak ere. Etorkizunari aurre egiteko, erakunde eta formula sozial berriak imajinatu beharko dira araiz. Nola? [ā¦] Mito pixka bat ālibertatezā, utopia apal bat, eta mundua gure aurrean zabalik.ā
Gure proiektuak, hain zuzen ere, etorkizunarekin erlazionatzeko modu berri horiek irudikatu nahi ditu. Zerumuga 2030ean izanik, bere izaera utopikoa beti apala izango da, eta eskura dugun ezagutzarik onenean oinarritzera eramaten gaitu, gure mundua osatzen duten joera handietatik abiatuta.
Eraldatzailea
Etorkizuna eta iragana eragile askoren artean eraikitzen dira, eta horregatik inor ezin da etorkizunaren jabea izan: guztiona da. Honela dio Joxek:
āIragana mitoan egin egiten den legez, egin egin behar izaten da etorkizuna. Baina gaur ezin digu esan inolako āismoā historikok (utopia hori bera zen, mito bat!), inon ez dagoen lur hori āutopia, gure borrokak lainopean bilatzen duen irlaā, zein eta zelakoa izango den. Ezin gara, pentsamenduan ere, etorkizunaren jabeak egin. Promesa iraultzaile handiak fundi- tu dira. Itxaropen hutsa da berriro itxaropena. Inolako segurantziarik ez. Borroka hutsa da berriro borroka, filosofia unibertsal baten aldamiorik gabe. Utopia gaur ez da āde optima rei publicaā ametsa. Orientazio bat baino ez ilunpean, joera bat, āposiblearen modeloaā, argi bat edo ideia arautzaile bat, gida izango duguna bilaketan. Alegia Kant, Marx baino gehiago, berriro. Eta aldian-aldian proiektu konkretu batean mamitzen jakin beharko da ideia hori.ā
Gi2030 horietako proiektu konkretu bat da. Galdera eta proposamenen inguruko komunitate-publiko aktibazio prozesu baten bidez, bizitzen ari garen trantsizioetan hobeto orientatuko gaituzten āposiblearen modeloakā (ikuspegiak, bisioak) bilatzen ditugu.
Entzumenean oinarritua
Baina proiektu bakar bat ere ezin da eraldatzailea izan, gizarte-arloan jada existitzen diren energia eta gaitasunetatik abiatuta egiten ez bada. Hori esaten zigun Joxek bere klaseetan: errealitatetik abiatu beti! Horregatik da hain garrantzitsua entzuteko gaitasuna, Joxek Bitoriano Gandiaga lagunaren jarreran aurkitzen zuena:
āEntzutea arimako jarrera sakon bat da. Zeure ezaskitasuna apalki ezagutzea, barnea konfiantza osoz ireki āentzuten jartzea konfiantza ematea da eta irekitasuna bestelakoarekikoā, gure baitaratzen utzi munduari, hustu geure nia eta leku egin, etortzen zaigun munduarekin neure ni berria egiteko: izadia gure baitan hartzea da eta geu harengan eraldatzea. Ikustea, beharbada, gauzengana joatea bezala da; entzun, isilik irekita egon, geldi, eta gauzak gure barrura berak etor dakizkigun uztea. Uztea, konfiantza guztiarekin, munduak sorpreni gaitzan, bere soinu, ipuin, konfidentzia, dei sekretu ezezagunez.ā
Horrek zerbait mistikoa dirudi, baina ez da hala, edo ez bakarrik: elkarrizketa garrantzitsuek zarata mediatikotik at konfiantzazko eta isiltasunezko espazio bat behar dutela erakusten digu. Joxek berak Aitor Sorreluzi egindako elkarrizketa batean esan zuen bezala,
āKomunitate batean jaiotzen gara, komunitate baten barruan, nahiz batzuetan haren aurka, egiten dugu geure burua. Entzuten ez baldin badakigu ez dago edo alferrik dago mintzaira komunik. Beti garrasika hitz egiten badugu ere ez, politikan egiten den eran esate baterako. [ā¦] Zaintzen ez bada, desegin egiten da komunitatea. Askotan isilduz zaintzen da hobekien.ā
Eleanitza
Inork ezin du ukatu Joxe langile nekaezina dela euskararen alde. Baina bere azken aurreko liburuan, Pentsamenduaren Historia Euskal Herrian, lurraldean bizi diren hizkuntza desberdinetako pentsamenduaz mintzo da. Nahiz eta lehentasuna beti euskararentzat izan, ez dio uko egiten eskura ditugun edozein tresna eta baliabideari, eta bere liburuak beste hizkuntza batzuetako aipuz beteta daude.
Gure proiektua eleanitza ere bada, ez bakarrik euskaraz eta gaztelaniaz (eta bietan) tailerrak eta argitalpenak egiten ditugulako, baita hizkuntza artistikoak (jolasak, bertsolaritza, musika, literatura, arkitektura eta arte plastikoak) esperientzia murgiltzaile eta esanguratsuak sortzeko erabiltzen ditugulako ere.
Salatu arazo bat
Eduki hau desegokia da?
0 iruzkin
Egin hemen zure iruzkina
Hasi saioa zure kontuarekin o erregistratu zure iruzkina txertatzeko.
Iruzkinak kargatzen...