Gipuzkoa irudikatuz
#Gi2030 Galderak eta proposamenak bilatzen ditugu
2. fasea ixten, hurrengoak aurreikusten ditugu
Bigarren fase honetan egin nahi ditugun sei tailerretatik bakarra geratzen zaigu. Beraz, aurtengo #Gi2030 parte-hartze prozesuan espero dugunari begiratzeko unea da.
Gipuzkoa ikuspegi partekatu batetik irudikatu nahi dugu, eta, horretarako, hainbat formatu, leku eta gai-eremutan ikusitakoa partekatzen dugu. Sengek dioen bezala, ikuspegi partekatua ikuspegi pertsonaletatik soilik eraiki daiteke; beraz, abiapuntua gure zalantzak, ziurgabetasunak eta etorkizunerako itxaropenak dira. 2. fase honetan, galdera interesgarri eta harrigarri asko bildu ditugu. Itxi aurretik, fintzeko eta bateratzeko prozesu bat (gardena eta irekia, plataformari esker) ezarriko diegu, gizarte-zientzietan oso ohikoa den teknika baten bidez: Delphi metodoa.
Delphi metodoaren helburua adituen arteko eztabaidan oinarritutako adostasuna lortzea da, prozesu interaktiboaren bidez. Aditu bakoitzak erantzun beharreko galdetegi bat egitean oinarritzen da haren funtzionamendua. Emaitzak aztertu ondoren, beste galdetegi bat egiten da, eta pertsona berberek erantzun beharko dute, aurreko kontsultan lortutako emaitzak jakinarazi ondoren. Prozesua hainbat aldiz errepikatzen da, nolabaiteko adostasun-maila lortu arte. Azkenik, ikerketa-taldeak lortutako datuen ustiapen estatistikotik abiatuta egingo ditu ondorioak, eta, horrela, parte hartu duten pertsonentzat garrantzitsuenak diren galderak hautatuko ditugu, ezagutza akademiko eta esperientzialarekin (aditua/aritua) kontrastatu ondoren.
#Gi2030 prozesuan, Delphi bat egingo dugu 2. fasean jasotako galderak biltzen diren arlo bakoitzerako. Aurreratzen dugu hiru arlo handi izango direla, eta bakoitzean 10 adituk parte hartuko dutela; horietatik 5 ikerkelariak izango dira, eta beste 5 gizarte- eta toki-eragileak (GKEetako ordezkariak eta GFAko teknikariak, besteak beste). 30 pertsona horiek, guztira, 3. fasean antolatuko ditugu 3 topaketa-jardunalditan bilduko dira. Jardunaldi horietan, adituak eta arituak Delphiren bidez lehenetsitako erantzunak lantzen hasiko dira. Ingurune erakargarrian egingo dute: 3 topaketak egingo dira ekainean eta uztailean Gipuzkoa landatarreko 3 herritan (campusean egin ziren 2. faseko tailerrekin kontrastean), walkshop-a bezalako teknika dinamikoak txertatuz. Walkshopa ITDupmarekin ikasi eta gero, probatu genuen Decidim talde eragilearekin Arantzazulaben antolaturiko egoitzan (argazkian, Bru Aguiló, Carol Romero, Marta Pérez, Antonio Calleja eta Antonio Casado). Hain zuzen ere, Arantzazu, Itziar eta Zegama dira jardunaldi horiek egiteko interesa agertu dugun herriak.
3. faseko topaketa horietan, parte-hartzaile bakoitza tailerrek eta Delphik sortutako galdera bakoitzaren erantzuna prestatzen eta kontrastatzen hasiko da. Parte-hartzaile bakoitzak 4. fasera eramango du bere erantzuna: txosten labur bat. Fase horretan, herritarren 3 mini-batzar egingo dira, Deliberative Café izenaz ezagutzen den ereduari jarraituz. Eredu hori hiru jardunalditan egituratutako informazio- eta eztabaida-prozesu bat da. 4. fase hori erabakigarria da: bertan, tailerrek sortutako galderak, topaketetan hasitako erantzunak, tokiko agintariak eta batzar bakoitzean parte hartzeko hautatutako 36 pertsona inguru elkartuko dira. Udazkenean batzar horiek tamaina ertaineko hiru herritan —Errenteria, Tolosa eta Zumarraga— egitea proposatuko dugu, hurrengo udal hauteskundeak igaro ondoren.
Azkenik, abenduan, prozesu osoaren ibilbidea eta emaitzak plataforma horretan bertan ikusi ahal izango dira, baita urte amaieran parte-hartzaile guztiekin ekitaldi publiko batean aurkeztuko den azken txostenean ere. Era berean, #Gi2030 esperimentazioaren emaitza diren eta beste iterazio eta prozesu batzuetan erabili ahal izango diren 15 bideo inguru eta 5 fitxa metodologiko biltzen dituen tresna-kutxa bat partekatuko dugu. Horrela, ikuspegi partekatua emateaz gain, 2030erako Gipuzkoaren etorkizuna elkarlanean bistaratzeko gaitasuna ere emango diegu gure herrikide eta erakundeei.
Onarpenen zerrenda
Salatu arazo bat
Eduki hau desegokia da?
0 iruzkin
Egin hemen zure iruzkina
Hasi saioa zure kontuarekin o erregistratu zure iruzkina txertatzeko.
Iruzkinak kargatzen...