Gipuzkoa irudikatuz
#Gi2030 Galderak eta proposamenak bilatzen ditugu
Proposamenak egiten jarraitzen dugu: oraingo honetan, Tolosan!
Gi2030ek aurrera jarraitzen du bere azken fasean murgilduta, aurreko etapetan planteatutako galderetatik abiatuta proposamenak egiten. Joan den larunbatean Tolosara joan ginen osasun mentalaren inguruan proposamenak sortzera. Honako galdera hau izan genuen abiapuntu:
Zein faktorek baldintzatzen dute gazteen osasun mentala?
Gai honetan oso trebatuta dagoen publikoa izan genuen saioan: Tolosako Herritarren Batzarreko partaideak, zozketaz aukeratutako profil anitzezko tolosarrek osatua. Joan den urteko urrian, osasun eta ongizate emozionalaren erronkei lotutako gomendioak adosteko deliberazio-prozesu bati ekin zion Batzarrak. Oraingoan, lan berdintsua egiteko eskatu genien Gi2030erako.
Saioak iraun zuen ordu eta erdian, parte-hartzaileek, taldeka antolatuta, denbora izan zuten galderari erantzunak emateko, euren etorkizun desiratuak islatuko zituzten titularrak irudikatzeko, proposamenak egiteko, azken hauek hainbat irizpideren arabera ebaluatzeko eta horietatik adierazgarrienak adosteko.
Landutako gaien eta egindako proposamenen aniztasunak erakusten du tailerrak asko eman zuela. Galdera batekin hasi genuen tailerra, eta eduki aldetik oso aberatsak ziren proposamen sorta batekin amaitu:
- Instituzioei gehiago presionatu gazteentzat lan duinak sortu eta soldatak igotzeko.
- Denok izan dezagun osasun publikorako arreta zerbitzu arinagoa, errazagoa eta guztiontzako.
- Gazteen politikak pentsatzean, beraien partehartzea eta erabakimena eraginkorra izatea; beharrak entzutetik zein modutara asetzeko.
- Hau ulertzea: gazteen arazoak beti dira gure arazoak.
- Kontsumismoa murrizteko kanpaina masiboa: behar gutxiago, familiak sendotu, gazteen segurtasun eremua berregin.
- Eskoletan pantaila eta mugikor denbora murriztea, irakurketa eta testuen lanketa sakonagoa bultzatuz; pazientzia, lanketa, hausnarketa bultzatuko dira.
- Baserriak berritu gazteak naturan murgildu daitezen.
- Gazteen artean elkarlana bultzatu eta kontsumo arduratsua indartu.
- Gazteekiko jarrita dauden espektatibak mantendu behar badira ere, presioa gutxitu (haiek ere presio hori hobeto kudeatzeko etorkizunerako frustrazioa izan ez dezaten).
- Politika sozial eta ekonomikoak ezartzeko foro parte-hartzaile lotesleak bultzatzea.
- Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azterketa sakon bat eskatzea teknologia digital berriek euskal eskolen proiektu pedagogikoetan duten eraginari buruz, liburuan/paperean zentratzen den hezkuntzaren aurrean.
- Gurasoen eta hezkuntza-eragileen arteko gizarte-akordio bat, gailu digitalak eskuratzeko adina 15 urtera atzeratzeko.
- 2030: ikastetxeek konpromisoa hartzen dute ikasgaiak paperezko testuetan/eskuliburuetan eta eskuzko idazketan oinarrituta emateko.
- Laguntza pertsonalizatu gehiago hezkuntza/prestakuntza erakundeetan eta baita lan-inguruneetan ere.
- Gazteen laneratzea erraztea, bizi-kalitatea hobetzeko eta etxebizitza duin batean emantzipatzeko.
- Zerbitzu publikoetako menuetan (eskola-jantokiak eta ospitaleak) esku hartzea, guztientzat osasungarriagoak izan daitezen.
- Familiak eta gazteak osasun mentalari eta suizidioari buruz sentsibilizatzeko kanpainak.
Eta hemen hautaturiko laurak:
- Aurrekontu-partida garrantzitsu bat bideratzea osasun mentalera bideratutako lehen mailako arretako zerbitzuak hobetzeko.
- Herri mailan gazteen parte hartze instituzionala ahalbideratuko duten prozesu eta erremintak garatzea.
- Elkartasun gehiago izatea lagun artean eta orokorki denon artean: auzolana egin eta behar duenari lagundu.
- Familietan, ikastetxeetan eta abarretan informazioa hobetzea, gazteen ongizate emozionalari eragiten dioten faktoreei buruzko komunikazio gehiago.
Proposamen finalista hauek dagoeneko plataforman daude sartuta. Proposamen hauek, eta prozesua uzten ari den gainerakoak kontsultatu, bozkatu eta komentatu ditzakezu, hemen klik eginez.
Gure aldetik, kronika bukatzen dugu larunbatean gurekin izan ziren tolosarrei eskertuz saioari jarritako interesa eta gogoak. Plazerra izan zen! Mila esker!
Onarpenen zerrenda
Salatu arazo bat
Eduki hau desegokia da?
0 iruzkin
Egin hemen zure iruzkina
Hasi saioa zure kontuarekin o erregistratu zure iruzkina txertatzeko.
Iruzkinak kargatzen...