Komunitate biziak
#Gi2030 Lankidetzaren bidez etorkizuna eraikiz
Ikasketa eta Praktika Komunitatea: lehenengo urratsak
Udaberriko eguzki izpiek Carlos Santamaria Zentroa argitzen zuten goiz hartan, barruan zerbait berezia sumatzen zen. Pasilloetan irriek eta agurrek bizia ematen zioten eraikinari, 4. gelarantz gerturatzen ziren pertsonen espektatiba eta jakin-mina islatuz. Zazpi ikerlarik eta zortzi elkartetako (*) kideek, hamasei lagun guztira, gela horretan topo egin zuten lehen aldiz, Ikasketa eta Praktika Komunitatea (IPK) abiatzeko prest.
Saioa euskaraz egin zen, partaide bat xuxurlariaren laguntzaz baliatzen zen bitartean, guztientzat ulergarria izan zedin mezua. Aulkiak borobil batean jarrita, kafea eta infusioak partekatu zituzten, ideiak, ezagutza eta esperientziak elkarbanatzeko gogoz.
"Denbora mugatua dugu, baina ez dugu presarik," hasi zen dinamizatzailea, "gaur hiru helburu ditugu: elkar ezagutzea, espazio komuna eraikitzea, eta ulermen partekatua sortzea." Eta horrela, aurkezpen labur batzuekin hasi zen saioa. Aulkietan eserita, bakoitzak bere istorioa, bere ibilbidea, bere zalantzak partekatu zituen. Azken finean, entzuten ikasteko lehen pausoak ziren.
Gi2030 proiektuaren nondik-norakoak azaldu zituen. Proiektu horren babespean sortuko zen komunitatea, unibertsitateko eta elkarteetako kideen arteko zubia eraikiz Gipuzkoako komunitate-ehuna indartzeko. Ez zen ideia berria, baina bai gauzatzeko modu berria.
Sokatik tiraka
Gela erdian soka bat jarri zuten, muturretan bi polo: "bai" eta "ez", "%100" eta "%0". "Zein da unibertsitatearen eragina gizartean?" galdetu zuen moderatzaileak. Partaideak mugitzen hasi ziren, unibertsitatetik kanpoko pertsonak "ez" alderantz jotzen zuten, EHUko kideen harridura sortuz.
"Nola liteke hori?" entzun zen unibertsitateko kide baten ahotsa, haserre puntu batekin. "Guk badakigu unibertsitatearen ekarpena izugarria dela, baina epe luzekoa, eta agian horregatik ez da ikusten. Estereotipoak besterik ez dira!"
Iritzi-truke horrek lehen korapiloa agerian utzi zuen: pertzepzioen arteko desberdintasuna. Unibertsitatearen eta gizartearen arteko zubi sendoak eraikitzeko premia azpimarratu zen.
Inpaktuaren bila
Gorputzak apur bat mugitu ondoren, ikerlariek inpaktu sozialaren neurketa sistemen azalpena eman zuten, diagrama bat erabiliz. "Ez da erraza neurtzea ikusten ez dena," azaldu zuen batek. "Inpaktua definitzea bera zaila da," gehitu zuen beste batek.
"Iceberg baten modukoa da," azaldu zuen hirugarren batek, "ikusten duguna inpaktu ekonomikoa da, uraren azalean dagoena. Baina azpian inpaktu sozial izugarria dago, ikusezina baina funtsezkoa."
Begirada sakonak trukatu zituzten partaideek, inpaktuaren definizio bakar batera iristea ezinezkoa zela ulertuz, baina definizio aniztasuna bera aberastasun gisa hartzeko prest.
Ideiak koloretako paperetan
Azken dinamikan, gelako hormak post-it-ez bete ziren. Lau panel, lau galdera nagusi, eta hamabost pertsonen pentsamenduak, hitzetan josita. Lehenengo panelean, IPK justifikatzen duten “helburu komunak” hiru ardatzetan identifikatu ziren:
Saretzea eta lankidetza:
- Lankidetza eta sinergia berriak sortzea.
- Teoriatik komunitatea indartzeko moduetara pasatzea.
- Zubiak eraikitzea.
- Elkarren lana hobeto ezagutzea.
Adimen kolektiboa - elkarrekin eta elkarrengandik ikastea:
- Sentitu - pentsatu - sortu.
- Jolastu - probatu.
- Pentsamolde eta ekimen komunitario iraunkor, alternatibo eta ekosoziala uztartzea eta zabaltzea.
- Elkarren artean zerbait zehatza sortzea, jakintzaz haratago.
- Ezagutza eta ezagutza sistemak partekatzea.
Inpaktuaren neurketa:
- Gizarte inpaktuaren inguruan hausnartzea.
- Gizatearentzat erabilgarria den zerbait egitea.
- Gizarte inpaktua neurtzea, horri balioa emateko.
Nola ulertzen dugun komunitate hau? "Elkarrekin sentitu, pentsatu eta sortzeko espazioa," idatzi zuen batek. "Zubiak eraikitzeko aukera," beste batek.
Zer behar du unibertsitateak? Zer behar dute elkarteek? "Entzutea," agertzen zen behin eta berriro. "Denbora," beste batean.
Zer da lankidetza? Zer da inpaktua? "Ez da dirutan bakarrik neurtzen," idatzi zuen partaide batek; “ongizatea”, beste batek.
Denbora falta zela eta, beste paneletako ideiak aztertzeko aukera geroko utzi behar izan zuten, baina webgunean partekatzeko konpromisoa hartu zuten, jarraipenaren oinarri gisa.
Bilera amaitu, bidea hasi
Bi ordu trinkoren ondoren, begiak nekea erakusten bazuten ere, irribarreak nagusi ziren. "Zerbait aterako da hemendik, trust the process," esan zuen norbaitek amaieran, eta esaldi horrek guztion barruan oihartzun egin zuen.
"Lasaitasunez lan egin dugu," azpimarratu zuen beste partaide batek, "eguneroko presatik kanpo, pentsatzeko eta sentitzeko espazioa izan dugu."
Webgunea informazio-gune bihurtuko zen, Aldundiarekin eta Tabakalerarekin egingo ziren bilerak prestatzen hasiko ziren, eta "hiru ahizpen" kontzeptua ere aztertuko zuten... baina hori guztia hurrengo saioan izango zen.
(*) Adeco, Bertsozale Elkartea, Emaus FS, Garabide, Ikertze, SOS Arrazakeria, Surfrider
Salatu arazo bat
Eduki hau desegokia da?
0 iruzkin
Egin hemen zure iruzkina
Hasi saioa zure kontuarekin o erregistratu zure iruzkina txertatzeko.
Iruzkinak kargatzen...